EZTANDA TORREVIEJAN: OLAIA KASTRESANAREN HERIOTZA.
«Olaia, beti alai».
GARAn agertuta 2001ko uztailaren 26a.
«Olaia, beti alai»
Harridura, haserrea, eta, bien gainetik, samina ziren nagusi atzo Donostiako Alde Zaharra, Gros eta Altzan. Pasa berri diren sanferminetako Olaia parrandazalea, ekintza gustukoa zuen Olaia motorzalea, umeekin lan egiten zuen Olaia alaia zuten gogoan.
Ramon SOLA
Alde Zaharra, Gros, Altza, Intxaurrondo... Donostiako txoko hauetan guztietan utzi ditu lagunak Olaia Castresanak. Itsasondotik Altzako gurasoen etxebizitzarako goranzko bide osoa dolumin-adierazpenez josia zegoen atzo eguerdian. Udaletxetik eskegita, «Olaia gogoan zaitugu, agur eta ohore» mezua. Hortik Bulevarreko trafikoa pankarta batekin nola moztu duten ikus daiteke. Krespoi beltzak nagusi Alde Zaharreko kaleetan, Castresanaren ohiko bizitokia zenean. Groseko Marruma elkartea, berdintsu. Kanpoaldean «Olaia gudari, zure borroka jarraituko dugu» dioen pankarta erraldoia. Barruan gazte bat luzez negarrez aritu den seinaleekin, tarteka egonezina kolpeekin arindu nahian. «Jakina ongi ezagutzen nuela, duela sei urte edo elkarrekin ateratzen ginen eta», azaldu du.
Groseko Barandiaran Lizeoan ikasten zueneko garaiak ziren haiek. Lehenago auzo bereko Zurriola ikastolatik pasatua zen. «Alaia zen, oso alaia, eta parrandazalea. Duela bi aste ikusi nuen azken aldiz, Igeldoko jaietan, txapela handi bat buruan. Beti bezala zegoen, irribarrez», esan dute Marruman. Grosen eman zituen txikitako urte guztiak Castresanak, eta bertara itzulia zen duela gutxi.
«Parrandazale totala», nabarmentzen dute lagun kuadrila- koek, negargurari ezin eutsirik Olaiak 22 urterekin bizitza galdu duela jakin eta hamabost ordu oraindik pasatu ez direnean. Izaera, hala ere, ezin da hitz bakar batean mugatu: «Langilea ere bazen, eta etxekoia, eta oso familiazalea, eta lagun ona. Oso ezaguna zen, eta batez ere Alde Zaharrean. Edonora berarekin joaten bazinen, ezagunak zituen bertan», ekarri dute gogora, burua eskuen artean ezkutatuz.
Alde Zaharra futbol taldean aritu zen Castresana hainbat urtez, baina gero lesio bat izan, ebakuntza jasan eta kirola egiteari utzi behar izan zion. Aurretik saskibaloian aritu zen, eta dantzari. «Futbol partidak ikustea ez zitzaion hainbeste gustatzen, baina jokatzea bai», zehaztu du gertuko lagun batek. Begira egotea baino ekintza askoz gustukoago zuela esan zuten guztiek, eta horren seinale motorraz ibiltzeari hartua zion zaletasuna, Anartz Oiartzabalekin batera. Haien harremana aski ezaguna zen.
Grosetik Herrerarako bidea margoz beterik agertu da gaurkoan. «Olaia eraila, Estatuak eta PNV erantzuleak», da mezurik errepikatuena. Altzan, auzoki- deen sentimendu nahasiak. Batetik, harridura «Batzuetan laguntzen zuen, bai, baina ez zen horrelako militante-militantea», esan zuen batek». Haserrea, bestetik, informazio faltsua kale borrokan inplikatzea zabaldu dutenen aurka. Eta samina, bi hauen gainetik nabarmenduta.
Haurtzaindegietan ohitua
Ehun lagun baino gehiagok egin dute Herrerarainoko manifestaldia, Olaiaren eta Euskal Herriaren aldeko oihuak etengabe botaz. Gehienei kostatu zaie loak hartzea: «Izena entzun ostean ere ez ginen ohartu, eta gainera Egiakoa zela esaten zuten hasieran. Gaurkoan konturatu gara», esan zuen kuadrila batek. «Oporretara joan zela bagenekien, ez zuen ezkutatu. Familiarekin kanpinera joan ohi zen lehen, eta Santa Clarako irlara ere bai».
Gurasoak aski ezagunak dira auzoan, baita Haizea, Olaiaren ahizpa txikia, ere. Hildakoa ez hainbeste, berak esan ohi zuen bezala «Altzara lo egitera baino ez naizelako joaten». Gainera, ikasketekin nahiko lanpetuta ibilia zen azken urte hauetan, Jardin de Infancia bukatu ostean Irakasle Eskolako Haur Hezkuntzan izena emana zuen orain, eta hainbat haurtzaindegitan praktikak egiten ibilia zen, eta orain ere ari zen Aiete auzoko Landaren. «Oso gustuko zituen haurrak, oso», esan dute batera.
Malkoen artean iristen dira datuak. Oporretara joatekoa zela entzun zuena zur eta lur geratu zen astearte gauean ETBko pelikula eten eta berri tragikoa zabaldu zutenean. Ondoan 18 urteko Sara auzokideak gogoratu duenez, «sanferminetan ikusi nuen, beti bezala, kristoren umorearekin, urrutitik ikusi eta nire bila etorri zen laster, oso alai».
Aurpegien gaztetasuna nabari da eguerdiko kontzentrazioan, uste baino lasaixeago. Sendien arteko adiskidetasuna dela eta, Olaiarekin ordu asko emandakoa da Leire. Kuadrilakoen arteko urtebetetzeen ospakizunetako argazkiak erakutsi ditu. «Albumak begiratzen aritu gara. Hau da, irribarrez, beti bezala».
«Olaia, zuen borroka, gure eredu», irakur daiteke sendiaren etxearen parean. Hortxe eman dute gaua altzatarrek, Guardia Zibilaren erakustaldiarekin izututa. «Gurasoek ez zekiten ahizpa txikia Alicantera eraman ala ez. Eskerrak ez zela geratu, miaketa izugarria izan delako». Omenaldia prestatzen ari dira, samina lanaz ito nahian, «eta ahal bada irribarrez, Olaiak berak egingo lukeen bezala». *
![]() |